XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. JARDUEREI BURUZKO ARGIBIDEAK

1. Lurra unibertsoan

1 eta 2 Jarduera hauek kontzeptuak berrikusteko dira.

DBHko aurreko mailetan landu ziren edukiak zenbateraino ikasi ziren neurtzeko garatu dira. Gainera, baliagarriak izan daitezke akats kontzeptualak hautemateko.

Irakasleak beharrezko ikusten badu, bi jardueren artean El Planeta Tierra, origen y evolución bideoaren hasierako minutuak eman ditzake. Horrek 1. jardueraren errepaso eta autozuzenketa gisa balioko du.

3 Jarduera honek informazioa bilatzera bultzatzen du.

Ikasleei taula osatzeko eredu bat ematen zaie. Honelako ereduak desagertu egingo dira unitateak eta jarduerak aurreratu ahala.

Irakasleak item-kopurua gehiegi dela ikusten badu, datu numerikoak eman diezaizkieke, ikasleek item bakoitzari dagokion garaiari buruzko informazioa besterik bila ez dezaten. Hartara, jarduera hau arloko 9. helburu orokorrarekin zuzenki lotuta geratzen da.

Ideien zurrunbiloa izeneko metodoa oso aproposa da jarduera hau lantzeko.

Honela, eztabaida erraztu egiten da, akats kontzeptualak hautematen dira, eta geroago denen arteko saioa egin beharra saihesten da.

Lurraren kurbadura eta eguzki-izpiak atalari dagokionez, kartoizko zilindroek ez dute oso handiak izan behar (boligrafo baten tamainakoak, gutxi gorabehera). Kartulinan itsastean aska ez daitezen, itsasteko zintaren bidez erants daitezke.

Gelako betiko fluoreszenteen ordez ikasleen buru parean kokatutako fokua erabiltzen bada, esperientzia hau ikusgarriagoa gerta daiteke. Gela iluntzea komeniko litzateke.

Ikaslearen liburuko 14. orrialdeko Neurriak hartzen atalari dagokionez, ikasleek beste ikasgaietako edukietara jo beharko dute (matematikara). Hartara, jakintza-arloen arteko muga zurrunak hautsi egiten dira.

Bi jarduerok bukatzean, Cosmos saileko En las costas del océano cósmico bideoaren hasierako minutuak eman daitezke; horrek bi jardueren autozuzenketa gisa balio dezake.